XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gipuzkoako EHNE sindikatuak bere inpendentzia azpimarratu du berriro

Alde egin duten partaideek sindikatua apurtzeko ahaleginak egin dituztela salatu dute

ARDOTXI, Donostia

Gipuzkoako EHNE sindikatuko Juntak, atzo emandako prentsaurrekoaren bidez, dimititutako hiru partaideen akusazioak gezurtatu zituen, azpimarratuz sindikatuen independentzia, inongo talde politikoren eraskin edo korrea transmisioa ez dela.

Bere ustez, orain arte sindikatuko kide izan diren hauek, EAJ-PNVko tendentzi bezala hurbildu zirenak sindikatura, guztiz manipulatuak izan direla adiera zuten, beren jarrera salatuz intosikazioa eta gezurra erabiliz sindikatua apurtzen ahaleginak egin dituztelako.

Lehengo larunbatean publikatu zen arabera, Euskal Herriko Nekazarien Elkartea (EHNE), Gipuzkoako nekazariez eta baserritarrez arduratzen den sindikatuko hiru gidarik baja eman zuten bertan, adierazi zutenez prentsaurrekoaren bidez ez baitzauden konforme sindikatu honen jokabidearekin, sindikatu hau HBren estrategiaren tresna bihurtu da esanez.

Alberto Aldasoro, Juntako bozeramailearen esanetan, orain dela lau hilabete utzi zuten lau partaide hauek sindikatuko zuzendaritza, eta aurretik eta ondoren sindikatua ahuldu eta makaltzeko ahaleginak egin dituztela garbi ikusi da.

Are gehiago, Aldasorok esan duenez, Juntako aukeratu zirenetik ez dute ezer egin sindikatuaren alde sindikatua indartzeko, eta guztiz jarrera pasiboa leporatu dio dimititutako hirukote honi.

Dimitituen jarrera

Halaber, aukeraketa ere, jarraitu du Aldasorok, sindikatuak daukan sistema honetan, ahal den eta demokratikoena izaten da, herrian denok dakigun mailan, eta egin duten guztia ahultzeko lan bat izan da.

Honela, sindikatuko presidentearen ustez, badirudi atzetik aginte bat daukatela eta hauek agintari horren mandatari izan direla.

Asamblada egin aurretik dimititu zutenean hitzegin eta lista kontsentsuatu batera iristeko ahalegin guztiak egin omen zituzten, baina beren aldetik ezezkoa eman omen zuten.

Gainera, azpijokoz asamblada boikoteatu zuten, jendeari ez joateko esanez, nahiz ez lortu bere helburuak, zeren normaltasunez egin zen, bajak osatuz eta ordezkari berriak izendatuz.

Dimititu hauen jarrerari jarraituz, Aldasorok esan zuen ondoren eskutitz bat igorri zutela eskaera zenbait eginez, eta eskaera hauen barruan hiru puntu nabarmentzen zituztela: sindikatu profesional bat, batez ere nekazaritzatik bizi direnen artean osatua; Asambladarako eta aurrez prozesu asambleario baten bitartez Coordinación de Organizaciones Agrarias y Ganaderas (COAG) eta CPEko koordinadoretatik ateratzea: eta beste Asamblada berri bat egitea eta Junta berritzea.

Puntu sakon hauek aztertzeko deituak izan zirela Juntara esan du bertako presidenteak, baina ez zirela azaldu ezta erantzunik jaso ere.

Nahiz sindikatuko kargu historiko eta pisuzko pertsonek bilerara deitu, ezezkoa eman zieten dimitituek, beren erabakia bazutela esanez.

Bitartean, baserritarren artean intosikazio eta gezurrak erabiliz, baserriz baserri joanez, sindikatutik baja emateko kanpaina bat burutzen ari zirela jakin genuen, eta bilera batean Getarian talde batek sindikatutik baja ematea erabaki zutela.

Prestatutako baja batzuk iritsi zirenean, eta kanpaina hori burutzen ari zirela jakin zutenean sindikatuko zuzendaritzan, kideek informazioa eskatuz, eskutitz bat idaztea erabaki zuten, azalpena emanez.

Beraz, Aldasorok azpimarratu zuenez, ateak eta elkarrizketa beti irekita egon dira, kargu izan direnean dimisoa aurkeztu zutenean, eskutitza aurkeztu zutenean, eta orain berriz udazkeneko Kongresora deitu zaienean.

Beste alde batetik, ez dela egia esan du duela urte t'erdi erabaki zenik Kongresua egitea.

Alderantziz, aurtengo Asambladan erabaki zela udazkenean Kongresua egitea.

Kongresu honek hiru atal nagusi izango ditu: Estatutuak, zeren lotura bat behar dugu geure artean eta orain bilatzen saiatuko gara; estrategia sindikala, linea sindikala definitzea edo orain duguna erreafirmatzea, eta hortarako dena irikia dugu, aportazio guztiak hortan edukiko ditugu; eta herrialde baikotzak egingo duela azterkerta, zen harreman duen Diputazioarekin, Udaletxeekin, Kamarekin, Kooperatibekin...

Lau Kongresu probintzialak egin ondoren, udazkeneko Asambladan gai guzti hauen azterketa eta sakonketa ondoren erabaki soberanoak hartuko dituzte.

EHNE-ren independentzia

Talde politiko baten eraskin direla akusazioei erantzunez, eta zehazki sindikatua HBren tresna bat bihurtu dela Aldasorok adierazi zuenez gure aberastasunik handiena independentzia da eta batasunean oinarritzen da.

Probintziako Juntan zein Bailadetako Juntetan talde eta iritzi guztietan jendea dagoela, eta nekazaritzaren arazoetan hitzegiten dela soil-soilik, esan zuen.

Inongo talde politikorekin loturarik gabeak gara eta gogor saiatuko gara horrela segitzen.

Ez dutela inongo talde politikoren korrea trasmisio izan nahi, ezta izango ere, garbi utzi nahi izan zuen.

Gidari honentzat, nekazaritzan oraindik ere badagoela sindikatu independente batentzat lekua, Administrazioari (edozein delarik ere) kritika egiteko ahalmena duen sindikatu bat, hau aberasgarri izanez bai nekazari sektorearentzat, bai gizartearentzat.

Bateratasun eta independentzia hori galduz gero, akabo gaur egun nekazarien aldeko sindikalgintza, hortik baserritarrei txarra baizik etorriko ez zaielarik, adiera zuen.

Alberto Aldasoro, Gipuzkoako EHNE Juntako parteide batzurekin atzoko prentsaurrekoan.

Administrazioa sindikatu indartsu eta erreibindikatibo baten aurka

Printzipio hauek mantentzeko barne-arrazoiak dituztela adierazi zuen Aldasorok, sektorearen krisi larria eta bizi den errekonbertsioa ikusiz, Administrazioari ez zaiola interesatzen EHNE bezalako sindikatu indartsu bat egotea, gauzak diren moduan esango dituena.

Hala, lau sindikatuak lotzen dituen EHNE-UGAV konfederazioaren aurka daudela, aseguratuz konfederazioa erabaki zenean presioak eduki zituztela Euskal Elkarte Autonomikoaren Administrazioaren aldetik.

Halaber, ez dutela onartzen sindikatuak indar eta errekonozimentu bat izatea, hemen eta Europan, bakarrik eta silatuak nahi dituztela ikusi, eta horregatik daudela Estaduko Coordinadora de Organizaciones Agrarias y Ganaderas (COAG) eta Europako CPE koordinakundetan sartzearen aurka.

Administrazioak ez duela onartzen bere aurretik joatea hainbat diagnostikotan.

Zoritxarrez Europako politikaz esaten ari ginena betetzen ari da, eta Administrazioak ere analisi horiek, gure ondoren, onartzen ditu.

Beraz, kontrolatzen ez dutena apurtu egiten dute, esan zuen EHNEko zuzendariak, eta bere iritziz, onartua omen daukate, bai dimisionarioak bai Administrazioak Kooperatiba eta Elkartea, dominatuta daukatela subentzioaren bitartez, isilik egon gaitezen eta sindikatuak egiak esaten dituenez, zatitu beharra dago.

Hala, bere uztez, minoria batentzako nekazaritza defendatzen omen dute, errekonbertsioa apoiatuz eta Europan porrot egin duten nekazal politika bat planteatuz.

Junta guztien iritzien arabera, arazo honetan agintzen ari direnak atzean daude, Gipuzkoako nekazal sektoreko pertsona garrantzitsuak omen dira, beti agindu izan dutenak, Euskal Gobernuko Nekazaritza Sailarekin lotura estua dutenak.

Azkenik, proposamen edo dei gisa, ahalegin bat egin behar dela batasuna lortzen eta berriz ere EHNE-rengana hurbiltzen, azpimarratu zuen Gipuzkoako Juntak, eta udazkeneko Kongresuan parte hartzera konbidatu zituzten, ateak zabalik dituztela adieraziz.